HESIAN
"Adierazpen askatasuna ukatzen diguten garai hauetan inoiz baino ozenago abestu behar dugu"
Azken hilabeteetan albiste iturri amaigabea dugu Hesian taldea. Herriaren oihua
(Gor diskoetxea) diskoa argitaratzearekin batera, azken urte hauetan guztietan eginiko lanaren fruitua jasotzen ari da Sakanako taldea. Elkarrizketa honetan, disko berriaz eta taldearen inguruan dabiltzan hainbat zurrumurruen inguruan mintzatu gara. Honatx emaitza.

Zuzenean
Azken egunetan taldea albiste iturri dugu, disko berria kaleratu duelako. Zer egiten ibili zarete, joan den urteko Maite dugu
maketa kaleratu eta gaur bitarte?
Maite dugu maketa kaleratu genuenetik kontzertu pila eskaintzeko aukera izan dugu, oso pozik gaude. Lehenengo maketa hau kaleratu eta denbora gutxira abesti berriak egiten hasi ginen eta beraz, inolako etenaldirik gabe osatu dugu uda partean grabaturiko Herriaren Oihua
diskoa. Orain egindako lana plazaratu eta disfrutatzen ari gara.
Abiada bizikoa izan da Hesian taldearen bidea. Duela bi urte Sakana zenuten kontzertuen jomuga eta egun Euskal Herri osora zabaldu da zuon musika. Ez da batere erraza Sakana bezalako zulo batetik ateratzea, jakinik musikaren fronte nagusiak hiriburu eta herri handietan direla.
? Egia esan lagun askori esker banatu genuen gure lehenengo lana. Oso harrera ona izan zuen eta honi esker, jendeak maketaren berri izan ahala, kontzertu eremua zabaltzen joan da pixkanaka-pixkanaka. Sakanan jotzetik Gasteizen jotzera pasa ginen, Iruñera, Gipuzkoako hainbat herritara…
Hitzetan berriz argi ekin diozue taldearen hastapenetatik marrazturiko bideari. Ez dira garai xamurrak askatasun adierazpenerako eta ez dira bada garai onak politikoki hain gustukoak diren gauzak aldarrikatzeko edo salatzeko.
Adierazpen askatasuna ukatzen diguten garai hauetan inoiz baino ozenago abestu behar dugula pentsatzen dugu. Ez ditugu gustoko ditugun gauzak aldarrikatzen, beharrezko ikusten ditugunak baizik, egunerokotasunean bizitzen ditugunak.??
Lehen maketa autoekoiztua izan zen, iraupen luzeko lehena berriz GOR diskoetxearekin kaleratu duzue. Diskoetxeak krisian omen dauden honetan, eskertzeko izanen da zuen aldeko apustua egin izana ...
Bai, eskertzekoa da. Diskoen salmentak ez du funtzionatzen eta argi dago beste bide batzuk bilatu beharko ditugula guztion artean.
Gainera, zuen diskoak badu garrantzizko berezitasun bat. Diskoetxe batean kaleratua izan arren, Copyleft lizentziapean argitaratu duzue lehen disko hau, musika librearen aldeko aldarri gisa. Pauso ausarta dela deritzot, ohikoan diskoetxeak ez doazelako bat musikariaren filosofiarekin. ?
Hau ez da gure kasua. Izan ere, Gor diskoetxeak, diskoa Copyleft lizentziapean argitaratzeko aukera eskaini zigun hasieratik, gure nahia hori zela jakin aurretik. Beraz, gure kasuan, diskoetxeak ez du taldearen filosofia inolaz ere oztopatu.
Hasieratik argi geneukan ez genuela nahi SGAE-n sartzea. Ez gaude batere ados bere lan egiteko metodoekin ezta filosofiarekin ere. Musika askeago baten alde gaude. Horrez gain, ez litzateke batere koherentea izango gure musikari muga komertzialak
jartzea, guk bertan muga horiek betetzen ez ditugunean...
"Hasieratik argi geneukan ez genuela nahi SGAE-n sartzea. Ez gaude batere ados bere lan egiteko metodoekin ezta filosofiarekin ere. Musika askeago baten alde gaude."
Hesian taldearen lehen urteetan, taldeak berak kudeatzen zituen emanaldiak. Egun Gor diskoetxeko lagunek egiten dute lan hori. Zer onura dakar Hesian bezalako talde batzentzako kontratazioa hirugarren baten esku uzteak? Ez al du honek taldearen erabakitzeko gaitasuna apur bat desbideratzen??
Hasiera batean emanaldiak guk kudeatzen genituen arren, gutako bakoitzak bere lan eta ikasketak genituen eta zaila egiten zitzaigun dena uztartzea (ez da ezinezkoa, noski, baina nahiago genuen pisu hori gainetik kentzea). Horren ondorioz, beharrezkoa ikusi genuen kontzertu eskaria handitu ahala, lan hori beste pertsona baten esku uztea. Gauzak ez dira kontzertu bat jo edo ez erabakitzea bezain sinpleak. Kudeaketa honek bere lana eta denbora eskatzen ditu, batez ere astero kontzertu bat edo bi jo behar dituzunean.
Behar hau ikusita, Gor-ekoak lan hori egiteko eskaini zirenean onartu egin genuen. Honek ez du inondik inora taldearen erabakitze gaitasuna mugatzen, baldintzak
denon artean erabakitzen ditugu.
Hala ere, zenbait kritika jaso dituzue autogestioaren bidea hartu beharrean zigilu batekin sinatzeagatik. Urteak atzera euskal diskoetxeak utzi eta Madrilera edo Multinazionaletara zihoazen taldeak kritikatzen ziren. Egun, zuek kasu, kritikak jaso dituzue GOR bezalako zigilu txiki batekin sinatzeagatik. ?
Gaur egun diskoetxeekiko dagoen ideia kutsatuta dagoela uste dugu. Ez da gauza bera multinazional bat edo diskoetxe txiki bat. Azken hauetariko askok lan asko egin behar dute modu duin batean aurrera ateratzeko, talde txiki askori laguntza ugari emanez. Kritikak ulertezinak dira, diskoa Gor-ekin atera edo gure kabuz atera berdina izango bailitzateke zentzu guztietan. Esaterako, bidezkoa da diskoa internetetik jaistea edota kopiatzea, gure hitzek ez dute inongo mugarik jaso, diseinua guk egin dugu... Gor-ek gure diskoa eta gure mezua gehiago zabaltzen laguntzen duela baloratzen dugu.
Hasiera batean behintzat, oker ez banaiz, Musikherriako sorreran ere izan zen taldea. Haatik, zuen bide propioa egitea erabaki zenuten kolektibo horretan jarraitu baino. Zergatik??
Argi utzi nahi dugu taldea ez dela inoiz Musikherrian egon. Egia da bertara sartzeko proposamena egin zigutela oraindik Gor-ekin inolako harremanik ez genuenean. Momentu horretan proposamena eztabaidatu ondoren, gure bidea jarraitzea erabaki genuen. Gutariko batzuk Musikherrian egon izan gara beste talde batzuekin eta Herri diskoetxe honen filosofia eta lan egiteko era ezagutzen dugu; zentzu askotan filosofia horrekin ados gaude, baina beste batzuetan hutsuneak ikusten genituen, besterik ez. Ez dugu inondik inora Musikherriaren lana gutxiesten, alternatiba bat da, baina ez bakarra.

Hesian taldeko kideak
Hesian taldea bide laburra duen banda dugun arren, zuetako batzuek urteak daramazkizue hainbat taldeetan zerotik hasitako ibilbidean. Beraz aski ongi dakizue zein zaila den bide egitea musika mundu honetan.?
Gutariko gehienok urte nahikotxo daramazkigu mundu honetan, beste talde batzuetan parte hartu izan dugu. Zaila da, gogorra da, lana eta konpromisoa eskatzen du... Gainera, badirudi gaur egun izen apur bat hartzen duen talde oro zalantzan jartzen dela, jo mugan jartzen dela... horrela zaila izango da talde edo musikari berriei aukera ematea.
Zuen bidea abiadan baina apurka eginikoa da. Alta, Gazte Topagunaren kanta egiteko gonbitea jaso izana, pauso handi bat suposatu zuen. Nola sortu zen Gazte Topagunea eta Hesian taldearen arteko elkarlana.
Gazte Topagunearen kanta egiteak inflexio puntu bat suposatu zuen guretzat, dudarik gabe; dena den, aurretik ere astebururo jotzen ibiltzen ginen, jendeak abestiak ezagutzen zituen… gauza ondo zihoan.
Sekulako poza hartu genuen lehenengoz abestia egiteko esan zigutenean, ez genuen sinistu ere egiten egia esan. Topaguneko jendearekin hitz egin genuenean zera esan ziguten, talde txikia baina ezaguna ginela, politikoki konprometitua, gaztea, topaguneko oinarri ideologikoekin bat egiten genuela… eta horregatik pentsatu zutela gugan. Garrantzitsua da aipatzea EH Autodeterminazioa
kanpainarako egindako abestia, nahiko erreferentziala izan omen zelako gu hautatzerako orduan, bai musikalki (haizeen parte hartzea, arina, dantzagarria…) eta bai letrari edo mezuari dagokionez.
Aipatu beharra dago, ordurako jada harremanetan geundela Gor-ekin eta hori argi eta garbi utzi genien topagunekoei (izan ere, Gor-eko kide batek, abestiaren grabaketan bertan parte hartu zuen…). Hori kontutan hartuta ere, gurekin aurrera jarraitzea erabaki zuten. Oraindik ere oso harreman ona daukagu jende horrekin eta oso eskertuta gaude emandako aukera paregabe horrengatik.
"Sekulako poza hartu genuen Gazte Topaguneko abestia egiteko esan zigutenean, ez genuen sinistu ere egiten."
Zentzu horretan ugariak izan dira ere, gazte kolektibo eta elkarte desberdinen alde eskainitako emanaldiak. Agian musikak ez du iraultza eginen, baino musika bera eta hitzak, suspertzaile izan daitezkeela uste duzue. ?
Dudarik gabe, gure helburu nagusietariko bat horixe da, jendeak gure mezuak jasotzea eta gure musika, tresna komunikatibo bat bezala erabiltzea. Gure kezkak eta ideiak, gustatzen zaiguna eginez azaleratzea.
Azken boladan ordea dena ez da eguzkia Hesian taldearen inguruan. Zurrunbilo antzeko bat dabil taldearen inguruan giroa gaiztotuz. Badirudi, kontzertu batzuetan harrikatu ere egin dutela taldea.... eta ez gara faxista edo eskuineko jendeaz ari... zer gertatzen ari da??
Hainbeste kritika ezberdin entzun ditugu, hainbeste gezur esan dira… Ez daukate ez buru ez hankarik. Hain zurrumurru aldrebes eta zentzugabeak ezeztatzeak ez gaitu inora eramango, ez gara joko horretan sartuko. Gure jarrera argi uzten dugu kontzertuetan, konpromiso hori zalantzan jartzeak ez du inolako logikarik, ez du batere zentzurik. Batek baino gehiagok barre egingo luke gure artean harrika ibiltzen garela ikusita, herri honen benetako arazoei heldu beharrean.
"Gure jarrera argi uzten dugu kontzertuetan, konpromiso hori zalantzan jartzeak ez du inolako logikarik, ez du batere zentzurik"

Topaguneko kantaren aurkezpena Antiguon
Jopuntu errazegia da taula gainean dagoen talde bat erasotzea... ez da oso bidezkoa.?
Ez da batere bidezkoa. Honek, antolakuntza bera eta kontzertua ikusten daudenak harrikatzen ditu, ez bakarrik gu. Denon esku dago hau aldatzea.
"Badirudi gaur egun izen apur bat hartzen duen talde oro zalantzan jartzen dela, jo mugan jartzen dela"
Disko berrira itzuliz, Herriaren oihuak
zuri beltzeko diseinua eraman arren, kolorez bustiriko doinuak dakartza.
Zuri beltzak seriotasuna adierazi dezake, serioa eta gogorra baita askotan abesten duguna, baina era berean, doinu alai eta azkarrak dakartza barruan, doinu biziak.
Gitarra zorrotzagoak, haize sekzioaren batzea, eta Fran-Amets en arteko ahotsa jolasak aipatu ditzakegu lan berriko?ñabardura garrantzitsuen artean.
Egia esan, lan berri hau aurrekoaren jarraipen bat dela esan dezakegu. Egia da haize sekzioak maketan baino garrantzia handiagoa daukala eta melodia landuagoak osatzen dituela. Gainerakoan, estilo berean, ahotsen jolasak landu eta nabarmentzen saiatu gara. Ahotsen konbinaketa desberdinekin hainbat sentimendu azaltzen saiatzen gara, musikaren laguntzaz. Oro har, disko landuago bat osatu dugulakoan gaude.
Diskoan antzematen diren gauzen artean, haize sekzioaren barneratze bikaina. Askoz ere uztartuago eta zehatzago egiten dute bat taldearen musikarekin. ?
Denborarekin haize sekzioa gure musikan barneratzen ikasi dugu, sendotasuna eta indarra lortuz. Disko honetan aurrekoan baino presentzia handiagoa daukate, doinu zorrotzagoak osatzen dituzte.
Ez da erreza izango zortzi kide dituen banda bat gobernatzea. Musikak bizitzeko ematen ez duenez, zein da taldearen asteko bizia... lanak, entseguak, kontzertuak, neska/mutil lagunak… zenbateko garrantzia du taldeak zuongan?
Hainbeste izanik beharrezkoa da konpromiso minimo bat izatea. Gutako gehienok lanean gabiltza, batzuk ikasten, herri ezberdinetan gainera. Asteburuak ia osorik taldearekin egoteko gorde behar ditugu, bai entseatzeko eta baita ostiral edo larunbateko kontzertuak emateko ere. Askotan norberak bere planak alde batera utzi behar ditu denok elkartu ahal izateko, bai neska/mutil laguna edota baita lagunak ere. Honek askotan esfortzu handia suposatzen duen arren, ilusio handiarekin gabiltza eta pena merezi duela uste dugu.
Nola ikusten duzue zuek katxeen
afera. Askotan taldeak kritikatuak izaten dira ere minimo batzuk eskatzearren. Zein dira zuen baldintzak kontzertu bat eskaintzeko orduan… Horrelako esperientziarik bizi izan duzue? ?
Gure ikuspuntutik, bakoitza librea da bere lanari balioa jartzeko. Talde batek gehiago edo gutxiago kobra dezake, gu ez gara inor hori baloratzeko, geurea soilik baloratu dezakegu. Guk behintzat (eta ez gara bakarrak, noski), erabat moldagarria den katxe
bat daukagu, faktore ezberdinek aldatzen dutena: nork deitzen duen, nondik deitzen duen, kontzertuaren helburua… Dena den, lan honek inolako gasturik suposatzen ez duela ematen du, eta hori ez da horrela.
Egun, kontzertuetan buru belarri murgildua dugu taldea, hor ikusten da benetan talde baten balioa...?
Kontzertuek aurretik egindako lan guztia besterik ez dute islatzen. Hauen atzean abestien sorkuntza, hitzak, musika, grabaketa, lanaren jarraipena… daude. Lan hau guztia erakutsi eta disfrutatzen saiatzen gara kontzertuetan.
Nahi duzuena esateko aukera…..
Milesker Gaztesarean lan egiten duzuen kide guztiei eta zuri, elkarrizketa irakurtzeagatik.
Koldo Otamendi
http://www.gaztesarea.net/musikale/edukia.php?id=911